Alkarbidek, Bizkaiko Lurralde Historikoko udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuen bilgunea, nerabeei zuzendutako Nahi Dudalako kanpaina abian jarri du. DBHn euskaraz ikasi duten gazteek hortik aurrerako ikasketak ere (batxilergoa eta lanbide heziketa) euskaraz egitea da egitasmoaren xedea. Egitasmoaren berri emateko 6000 diptiko inguru banatu dira etxez etxe. Diptiko horietan kanpainari buruzko informazioa jasotzen duen web gunearen berri eman zaie eta web gune horretan Bizkaian D eredua eskaintzen duten ikastetxeen zerrenda ikusteko aukera izan dute gazteek. Informazio horrekin batera, hainbat sari irabazteko aukera ere izan dute web gunera sartu diren gazteek. Kultur Kabia kanpaina honen diseinuaz arduratu da.
Getxoko Euskara Sailak antolaturiko Euskara Jardunaldiek aurten saio berritzaile bat dakarte bere baitan. Izan ere, Izarren Distira Kastin eta Gala burutuko dira Getxoko gaztetxoei esker. Talentu show honek hautaketa proba bat proposatzen die 12-18 urte bitarteko getxotarrei, ezkutuan duten artista distiratsua azaleratu dezaten. Epaileen aurrean, aldez aurretik taldeka landutako ikuskizunak aurkeztu beharko dituzte Galan plaza eskuratu nahi badute. Gutxienez 2 eta gehienez 10 minutuko emanaldiak onartuko dira, hauek euskaraz izan behar dutelarik. Finalean, gazteentzako erreferente diren pertsonai famatuez osatutako epaimahaiak artistarik arrakastatsuenak aukeratu eta sarituko ditu.

www.izarrendistira.nireblog.com