hasiera > Bloga
Harrapazank programaren baitan ospatu den Distirazank talentu lehiaketari esker gazte bilbotarrek ikuskizun bat sortu, landu, kasting-ean epaileak liluratu eta Oihan Vegak gidatutako final ikusgarri baten parte hartu izan dute. Bien bitartean Galder Pérez eta Aiora Renteria artisten klaseei esker beraien ikuskizunak findu izan dituzte. Oraingoan ere gazteak protagonista eta sortzaile izan dira.
Harrapazank 12-18 urte bitarteko gazteei zuzendutako programa parte hartzailea da. Gazteek proposamenak luzatzen dituzte, lehiaketetan parte hartzen dute, publiko moduan datoz... beraien gustuko ekimenak bultzatu eta gozatu egiten dituzte. Harrapazank Bilboko Udalaren Euskara Sailak antolatzen duen ekimen arrakastatsua da.

Kantu on bat egiteko formula jakinik ez, baina lau akorderekin mila kantu egin daitezkeela azaldu zuten Ines Osinaga, Lander Irazola eta Onintze Garciak, atzo Bilbon eskainitako Jozank musika tailerren lehenengo saioan.

Ane ARRUTI
Gose taldeko Ines Osinaga, Lor taldeko Lander Irazola eta Seiren taldeko Onintze Garcia izan ziren atzo Jozank ekimenari hasiera eman zioten hiru musikariak. Bilboko Udalak antolatzen duen Harrapazank programaren barruan eskainitako doako musika ikastaroak dira eta aste honetan zehar Bilborocken izango dira musikaren alor ezberdinak lantzeko.
Bideo, zuzeneko eta sariak
Dena ez zen hala ere berriketa izan eta zuzeneko kantuak eta bideoklipak ikusteko parada ere izan zen. Disko eta opariak ere banatu ziren bukaeran.
Garciak, bi balada aukeratu zituen akustikoan kantatzeko. Osinagak, aldiz, trikitiarekin bere herriko «punki zahar batzuek» abesten zuten «Enamorado de la muerte»ren bertsio berezi bat. Sorkuntza aitzakiatzat hartuta, kantu gehienak lau akorderekin osa daitezkeela demostratzeko «pot-pourri» bat osatu zuen Irazolak, irrati gehienetan entzuten diren greatest hits-ekin.
Entzuleen galderen txanda iritsita, «kantu on bat» sortzeko formulaz galdetu zieten hiru musikariei. «Edukiko banu, ez nuke hain erraz botako», izan zen Osinagaren erantzuna. Arrakasta lortzeko garaian, marketinak laguntzen duela aitortu zuen Irazolak, baina «kantuak ez badu ezer, diruak ez du ezertarako balio».
Onak edo ez hain onak, betiko lau akordeekin edo beste batzuekin, hiru musikariek kantuak egiten jarraitzeko duten grina agerian geratu zen. Osinagak azaldu zuenez, «kontatzeko gauzak dauden bitartean, kantuak egiten jarraituko dugu».