Euskarazko umeentzako "ikuskizunik onenak" bildu ditu Bilboko Udalak "Ikusi eta Ikasi" programan
BILBO, 11 (EUROPA PRESS) Umeentzako euskarazko ikuskizunak iritsiko dira Bilbora Udalaren Euskara Sailaren eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren "Ikusi eta Ikasi" programaren edizio berriarekin. 30 jarduera baino gehiago izango dira etxeko txikientzat, denak euskaraz, aisialdia, kultura eta hezkuntza uztartzeko, antolakuntzak prentsaurrekoan jakinarazi duenez.
Edizio honetan 3 eta 12 urte bitarteko umeentzako kultura-jarduera interesgarriak izango dira (antzerkia, ipuin-kontalariak, txotxongiloak, magia, pailazoak eta abar) Begoñako eta Deustuko udaltelgietan, Indautxuko El Carmen aretoan eta Errekaldeberri, Tiboli, Zamakola eta Zurbaran ikastetxe publikoetan, urtarrilaren 17tik martxoaren 19ra bitartean.
Halaber, "Ikusi eta Ikasi" egitasmoaren edizio honetan, Bilborock aretoa programaren egoitza izango da lehenengo aldiz, Zazpi Kaleetan eta Bilbo Zaharrean dagoen eskariari erantzuna emateko.
"Ikusi eta Ikasi" Bilboko Udalaren Euskara Saileko ekimena da, Topagunearekin lankidetzan, eta BBK eta Bizkaiko Foru Aldundia babesle direlarik. Ekimenaren helburua da Bilboko umeen artean euskararen erabilera sustatzea euren aisialdian. Programaren beste helburu bat da txikienen artean hezkuntza-balioak, partaidetza, gizalegea eta irudimena bultzatzea.
Edizio honetan, gurasoek sukaldaritza tailer original bat egin ahal izango dute euren seme-alabekin. Sukaldari profesional batekin errezetak egingo dituzte, modu ludikoan eta hezitzailean. Tailerra euskaraz emango da urtarrilaren 19an Begoñako Udaltegian.
Beste alde batetik, euskaraz ez dakiten gurasoei laguntza eta orientazioa emateko tailerrak egingo dira berriro, seme-alaba txikiekin eskolako lanekin lagundu ahal izateko. Iñaki Eizmendi hezitzaileak erantzuna emango die eguneroko egoerei, kasu praktikoak aztertuta. Umeen jarduerak egiten diren ordu eta leku berberetan egingo dira tailer horiek, gurasoek errazago parte har dezaten.
Bestalde, "Jolasen Txokoa" izeneko ekimenaren lehen edizioa oso arrakastatsua izan zen, 125 pertsonek hartu baitzuten parte, eta horren ondoren, Begoñako eta Deustuko udaltegietan berriro izango da txoko hori. Erakusketa dinamikoa da, umeentzat eta euren gurasoentzat; bertan, mahai-jokoak, jostailuak, ipuinak, DVDak eta joko elektronikoak erakutsiko dira, denak euskaraz. Dinamizatzaileen laguntzarekin, parte-hartzaileek joko guztiekin jolasten ikasiko dute, modu errazean eta dibertigarrian.

hasiera
Kulturkabia Facebook-en
RSS feed