• Lehiakideek 10 orduko tartea izango dute hiru minutuko bideo lana grabatu, editatu eta aurkezteko.
• 3.600 euro saritan.
• Zabalkundea errazteko, egunean sortutako lan guztiak Creative Commons lizentziapean askatuko dira.

Azken lau urteotan bezala, aurten ere Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya antolatu dute Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak eta Bermeoko Udalak. KAMERATOIAren bosgarren edizioa Bermeon bertan izango da, abenduaren 12an.
Lehiaketaren helburua gazte euskaldunen sormena bultzatzea da. Argazki-rallyen mekanika ikus-entzunezkoen mundura ekarriz, hamar orduko epea ematen zaie parte hartzaileei, goizeko 9etatik arratsaldeko 7ak arte, egunean bertan ezagutuko duten gaia eta euren lanetan derrigorrez agertu behar diren Bermeoko zenbait ezaugarri emanda, hiru minutuko bideo baten istorioa asmatu, irudiak grabatu, editatu eta jendaurrean aurkezteko. Eibarren, Laudion, Elgetan eta Donostian parte hartu zuten gazteek argi utzi duten moduan, gazte euskaldunen artean badago hori eta gehiago ere egiteko irudimena eta gaitasuna. Halaxe erakusten dute urtez urte teknika zein eduki aldetik etengabe hobetuz doazen lanak. Azken lau urteotan 478 lagunek hartu dute parte KAMERATOIAn, eta guztira euskarazko 73 ikus-entzunezko sortu dituzte.
Parte hartzeko baldintzak ez dira gehiegi: gazte euskalduna izatea (lanak euskaraz aurkeztu behar dira eta), bideoa ekoizteko kamera, ordenagailua eta beharrezko tresneria izatea, eta izena ematea, azaroaren 30a baino lehen. Dena den, lehiaketaren oinarri osoak web gunean topa ditzakezue.
Gazteon sormen eta gaitasun horiek behar bezala saritu behar direlakoan, urtero bezala, nabarmentzeko moduko hiru sari banatuko dira Kameratoian aurkeztutako lanik onenen artean: 1.500, 1.200 eta 900 eurokoak, hain zuzen ere.

hasiera
Kulturkabia Facebook-en
RSS feed