Duela bost urte hasitako bideari jarraituz, Euskal Herriko Graffiti Lehiaketa Erandion burutuko da uztailaren 19an. Aurten, aldiz, Spraikada izen eta izaerapean arituko da kaleko artea sustatzen. Buruz burukoaz gain, bestelako ikuskizunak izango dira egun osoan zehar. Oraindik ere parte hartzeko epea zabalik da, ekainak 27an duzularik zirriborroa aurkezteko azken aukera.
· Bosgarren edizioa, Spraikada, Erandioko hormetan izango da uztailaren 19an
· Izena eman eta zirriborroak entregatzeko epea ekainaren 27an amaitzen da
· Hiru sari banatzeko:1500 €, 1200 € eta 900 €
Spraikadaren eskutik, maila handiko graffiti idazleak bilduko dira Erandion uztailaren 19an. Izan ere, iragandako edizioetan jasotako harrerak zein arrakastak, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolaturiko lehiaketa ezaguna sustraitu egin dute. Gakoa, artisten lanen garapena zuzenean ikusteak dakarren esperientzian bertan dago.
Izena eta izana
Graffitigintzan burutzen den lana gizarteratzeko asmoz, izena zein irudia egokitu izan ditu Topaguneak. Horretarako, graffiti idazle zein zaleen iradokizunak kontuan izanik, egokitze lan sakon honetan murgildu da. Azkenik, Mikel Aldekoagarai gazteak proposaturiko Spraikada izena aukeratu eta 2007.urtean irabazle izaniko Garikoitz Arregi berriztarraren diseinua hobetsi du antolatzaileak.
Parte hartzea
Graffitigintza zaleek hemen daukate sormena lau haizetara zabaltzeko aukera. Estilo, teknika zein gaiak askeak dira, beraz, irudimenak ezartzen du artelanaren muga. Baldintzei dagokienez, 16 urteko gaztea izan eta epea amaitu aurretik entregaturiko zirriborroaren testua euskaraz izatea baino ez da eskatzen. Antolakuntzak eskura jarriko ditu beharrezkoak diren sprayak.
Parte hartu nahi izanez gero, herriko euskara elkartean zein interneten daude lehiaketaren oinarriak. www.topagunea.org/graffiti atarian dituzu jakin beharrezko zehaztasun guztiak. Hamar finalisten artean, hiru sari irabazteko aukera izango dute eskura. Spraikada, duzu graffitizaleen topagunea.
Elkarrizketak egiteko deitu 699423491 telefonora edo idatzi graffitiak@topagunea.com helbidera (Sonia).

hasiera
Kulturkabia Facebook-en
RSS feed